GOAZEN JOLASTERA

Kaixo guztioi!!



EHUko Haur Hezkuntzako 3. mailako ikaslea naiz eta hemen nauzue "haur jolasak" gaia lantzeko asmoz;oso gai polita eta interesgarria da batez ere Irakasle ikasketak ikasten ari garenontzat.
Beraz, hemen duzue NIRE BITACORA: pixkanaka aukeratutako gaiari buruzko artikuluak eta informazioa erantsi egingo diot eta zuen iritziak ere jaso egin ditut!


Izarrak jaitsi eta zure eskuetan jarriko ditut

2007-11-10

Umea eta sagua euskara lantzen



Hona hemen, umea eta saguaren harremanan euskararekiko lotura azaltzen digun artikulu hau.

"Sagu txiki, sagu maite..." da oraindik joko gustukoena. Baina orain sagua
ordenagailuarena dela, hor dago gakoa. Eta saguarekin euskaraz jolasteko gero eta aukera gehiago dago.
Euskarazko joko elektronikoen artean hiru mota aurki ditzakegu: ipuin tailerrak edo ordenagailuz istorio bat asmatzea helburu dutenak, gai bat lantzeko erabilitako jokoak (bertsolaritza, geografia...), eta bestelako jolasak (puzzleak, letrazopak...).
Irudimaren fabrikan ipuinak ditugu amesteko bide gisa. Aukeran ematen diren eszenatokiak, pertsonaiak eta hitzak konbinatuz pasarteak sortzen dira, kuadro moduko batzuk, eta kuadroak lotuz osatzen da istorioa. Hitz gutxi eta elementu grafiko askorekin (irudiak txikitu, handitu, postura ezberdinetan jarri eta lekuz alda daitezke), erabiltzen ari dena marrazki bizidun, komiki edo filmetako gidoilari bihurtzen da. Eta azpitik musika gehitzeak ikuskizun bihurtzen du lana. Elementu denak eskura eta aukeran izateak erraztu egiten du ipuinak asmatzeko lana.

Euskarazko joko elektroniko gehienak ipuin tailerrak dira.


Anaya etxeak 3 kaleratu ditu, eta bost hizkuntzatan jolasteko aukera eskaintzen du (euskaraz, galegoz, katalanez, ingelesez eta gazteleraz). Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek ere bere 25.urteurrena ospatzeko orain bi urte "Gurekin hegan" CD-ROMa kaleratu zuten, eta bertan joko ugari bildu dituzte, horien artean, ipuin tailerra: hiru pailazoak eraman ditzakegu joko olinpikoetara, eta Txirri bihurtu dezakegu Txiribiton bera baino askoz handiagoa, edo Txiribiton potoloa jarri Mirriren besoetan... Eta Agipad drogen prebentziorako taldeak ere kaleratu du beste CD-ROM bat: umeen arteko harreman pertsonalak garatzeko guraso eta irakasleentzat prestatutako hezkuntz materialaren osagarri da umeei zuzendutako "Lagunekin baratzean" CD-ROMa.

Letra zopak arrapaladan irensten dituzte haurrek, eta "Lagunekin baratzean" CDan hitzen bila zopatzeko aukera badago. Agipad prebentzio taldearen lan horrek eta Txirri, Mirri eta Txiribitonenak ere bostna puzzle jartzen dizkigute eskura.

Propio jokoenak ez diren beste CD-ROM batzuetan ere aurki daitezke jokoak, programak aztertzen duen gaiaren osagarri direnak. Elhuyar zientzia zabaltzeko kultur elkarteak CD euskarrian kaleratzen dituen lan askotan, jokoren bat gehitzen du, ikasitakoa aplikatu eta jakinmina areagotzeko. Honen adibide da "Bertsoen mundua" CD-ROMa. Bideo irudiak, argazkiak, testuak eta ahots grabaketen bidez bertsolaritza etxera ekartzen digu: txapelketei buruzko informazioa, bertsolarien fitxak, bertso-antologiak, doinuak, eta abar biltzen baititu. Eta informazio hau baliagarria izango zaigu aukeran dauden bi jokoetan aritzerakoan: "Bakoitzari berea" jolasean bertso bakoitza nork botatakoa den asmatu beharko dugu, eta "Bertsozain automatikoa"rekin bertso ezagunenak hitzez hitz gogoratu beharko ditugu, hutsunez betetako bertsoak dagozkien hitzekin osatzeko. Eta Elhuyarren "Euskal Herria" multimedia entziklopediak ere geografia fisikoa, geografia politikoa, euskara, historia, kultura eta pertsonaia ezagunenen berri emateaz gain, "urkatua" eta "nor da nor" jokoak proposatzen dizkigu, jolastu einean edukiez hobe jabetzeko.

Jolastuz ikasi egiten dela esaten da, baina gaur egungo materialeekin, ikastea bera jolas izan daiteke, multimedia programa batzuetan ezin baitira bi jardunak bereizi. Elhuyarren "Animaliak" CD-ROMa, esaterako, haurrei zuzendutako entziklopedia da. Fitxetan antolatuta, animalia bakoitzaren ezaugarriak agertzen ditu. Horrez gain, 3 joko ere aurki daitezke CD honetan: "Oroimena" jokoa, "Nor da hau" jokoa eta "Familiak" jolasa, berriz, oso da aproposa kalekumeen ahotan galtzear dagoen hiztegia osatzeko, animalia familia bateko harrak, emeak eta kumeak zer izen berezi duen asmatzean baitago gakoa. "Animaliak" CDan bezala, Txirri, Mirri eta Txiribitonen lanean ere, gauza guztiak dira erdi jolasak.

Pailazoek 25 urtetan sortutako kantuekin pixkanaka musikarekin gozatu eta ikasi egiten dute haurrek, ia konturatu ere egin gabe: karaokearekin, nahasketa mahaia erabiliz (honekin, kantu batean uneoro nahi dituzten instrumentuak ixilarazi edo entzungo dituzte)... Eta gauza bera gertatzen da "Bertsoen mundua", "Euskal Herria" multimedia entziklopedia, "Euskal Herriko soinu-tresnak", "Euskal Herriko fauna" eta beste CD-ROM"serio"denekin ere. Izan ere, haurrak, beren gustuko gaia lantzen duen CDarekin, euren kasa ordenagailu aurrean utzi eta arratsalde osoa irudi artean miatzen aritzeko gauza baitira. Gainera, gurasoek baino abilidade gehiagorekin maneiatzen dituzte gaur egungo umeek CD-ROM konplexuenak ere. Eta alderantziz, umeei ipuin tailerrak eta bestelako programak eskuetatik kendu eta pare bat orduz jolasean aritzeko tentaldia oso da sanoa helduentzat.


Euskaraz jolastu nahi duenak badu gaur egun aukerarik, baina biharko egunean izango da joko gehiagoren premia, umeei jostailuak oparitu orduko zahartu egiten baitzaizkie.


Orain arte euskaraz egitea ez da jolasa izan, eta bada ordua hizkuntza hau ikasgelatik jolasgelara eramatekoa. Jolasa eta ikasketa beti egon dira lotuta, eta joko elektroniko hauek mundua euskaraz ulertzen eta euskararen bidez pentsatzen laguntzen dute. Izan ere, euskarazko joko elektroniko denak dira didaktikoak. Euskararen unibertsoan ez dago joko ludikorik, ezta erahil beharreko martzianotxorik ere. Eta hor hasten da eztabaida, izan ere batzuek euskararen gaixoaldiari egozten baitiote oraindik hain modan dauden joko ludikoak euskaraz falta izatea, eta beste askok berriz hizkuntzaren kalterako baino, umeen onerako izango dela uste baitute.



Gehiago irakurri

No hay comentarios: